lunes, 10 de enero de 2011
2011/01/16 - Urteko 2. igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko urtarrilaren 16a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
Urteko 2. igandea (A)
EBANJELIOA
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.
Joan 1, 29-34
Egun haietan, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.
Honetaz ari nintzen, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.
Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».
Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten, eta honen gainean gelditzen.
Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”. Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko urtarrilaren 16an
ESPIRITUALITATE GOSEA
Lehen kristau-belaunaldiek ondo asko zekiten ezen «bataiatua izateak» urean murgiltzea esan nahi zuela hitzez hitz, bainatzea, garbitzea. Horregatik, oso ongi bereizten zituzten Jordan ibaiko urean Bataiatzaileak eskaintzen zuen «ur-bataioa» eta Jesusengandik hartzen zuten «Espiritu Santuaren bataioa».
Jesusen bataioa ez da urean murgilduz hartzen den gorputz-bainua, baizik barne-bainua da, zeinetan Espiritu Santuari blai egin gaitzan uzten baitiogu eta gugan barneratu dadin, jakinik hura gu baitan bizi-iturburu berri eta besterik ez bezalako bihurtzen dela.
Horregatik, bataiatu bakoitzarentzat Jesusen izenari dei eginez bataiatzen zuten lehen kristauek. Tartsoko Paulo dio ezen kristauak «Kristogan» direla bataiatuak; horregatik, «Kristogan bizitzera» deituak diren uste izan behar dutela, haren Espirituak arnastuak, eta Jainkoarekiko Kristoren esperientzia bera eta haren barne jarrera sakonenak baitaratuz bizi behar dutela.
Ez da zaila hautematea, gizarte modernoan, espiritualitate-gose sakona adierazten duten zeinuak. Bizitza beste era batean bizi ahal izateko barne indarra emango dien zerbaiten bila dabilen jende-kopurua haziz doa. Gaitz da inolako jomugarik ez dukeen bizitza bizi ahal izatea. Ez da aski ondo pasatzea ere. Jasanezineko bihurtzen da bizitza halako pragmatismora edo arinkeriara mugatu nahi denean.
Beste batzuek barne bake- eta segurtasun-beharra sentitzen dute, barnean sortzen zaizkien ikara- eta ziurgabetasun-sentimenduei aurre egin ahal izateko. Badira barnean atsekabea dutenak: barne zaurituak, bizitzak gaizki hartuak, babesgabeak, barne sendatze-premia dutenak.
Geroz eta gehiago dira ez teknika, ez zientzia, ez ideologia erlijiosoa ez den zerbaiten bila dabiltzanak. Bizitzan beste era bateko sumatu nahi lukete beren burua. «Salbazio» antzeko zerbait esperimentatu nahi lukete; harremanetan jarri beren barnean sumatzen duten Misterioarekin.
Oso kezkatzekoa da hainbat gurasok beren seme-alabak ez bataiatu nahi izatea. Baina are kezkagarriagoa da jende asko gure Elizatik alde egiten ikustea, «Espirituaren bataioaz» sekula santa entzun ez dutelarik eta Jesus biziaren barne iturri bezala esperimentatu gabe.
Oker handia da Elizaren barnean berean, sarritan, espiritualitate hau sustatzea: funts handirik eta garrantzi handirik ez balu bezala, Jesus bazter uzten duena. Ez. Jesusen jarraitzaileok ezin bizi dugu espiritualitate serios, argi eta erantzulerik haren Espirituak arnastua ez bada. Ezin diogu eskaini jendeari Jesusekin, geure Maisu eta Jaunarekin, barnez topo egiteko laguntza ematea baino gauza inportanteagorik.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.