lunes, 17 de enero de 2011

2011/01/23 - Urteko 3. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko urtarrilaren 23a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 3. igandea (A)

EBANJELIOA

Kafarnaum herrian jarri zen bizitzen. Horrela, Jainkoak Isaiasen bidez esana bete zen

+ Mateo 4, 12-23

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakitean, Galileara joan zen Jesus.
Baina Nazaret utzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea,
itsas ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
jentilen Galilea!
Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.

Une hartatik hasi zen Jesus honela hots egiten: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zebilela, bi anaia, Simon, Pedro deitua, eta Andres, ikusi zituen, sarea uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurrerago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin zien. Haiek, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten.
Jesus Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko urtarrilaren 23a

JARRAITZAILEAK

Jesusek, Joan Bataiatzailea kartzelan sartu dutela jakin duenean, Nazaret herrixka utzi eta Galileako aintzira-ertzera joan da, bere misioari ekiteko. Haren lehenengo esku-hartzeak ez du inolako itxura handiosik. Ez du egin miraririk. Soilik, bere ahotsari segituan erantzun dioten arrantzale batzuei dei egin die: «Jarraitu niri».
Horrela hasi zen Jesusen jarraitzaileen mugimendua. Hori izan zen egun batean Eliza izango zenaren ernamuin apala. Hor agertu zaigu lehenengo aldiz Jesusen eta harengan sinesten dutenen artean beti izan beharreko harremana. Kristautasuna, beste ezer baino lehen, Jesusi jarraitzea da.
Honek esan nahi du ezen kristau-fedea ez dela haren irakaspenari atxikitzea soilik, beharrezkoa dela Jesusekiko gure loturak markatzen dituen jokamoldea eta biziera ere. Jesu Kristogan sinestea haren Espirituak arnasturik bizitzea da, Jainkoaren erregetzaren haren egitasmoan lankide izanez eta haren piztuera partekatu ahal izateko haren gurutzea lepoan hartuz.
Betiko tentazioa dugu kristau izan nahi izatea, baina Jesusi jarraitu gabe edo geure fedea dogma bati bai esatera murriztuz edo Jesusi, Jaun eta Jainkoaren Seme bezala harturik, kultua eskaintzera mugatuz. Alabaina, hau da Jesus Jainkoaren Seme gizon eginagan sinesten dugun ala ez egiaztatzeko irizpidea: hari bakarrik jarraitzen diogun egiaztatzea.
Jesusi atxikitzea ez datza hura gizon bezala mireste hutsean, ezta hura Jainko bezala adoratze hutsean ere. Jesus miretsi eta adoratu bai, baina, hari hurbiletik jarraitu beharra sentitu gabe, bere burua kanpoan mantentzen duenak ez du bizi kristau-fedea osorik. Jesusi jarraitzen diona soilik kokatzen da kristau-esperientzia zinez ulertu eta bizi ahal izateko egiazko puntuan.
Egungo kristautasunean egoera paradoxikoa bizi dugu. Hain zuzen, Elizako jendetzat ematen da, ez Jesusi jarraitzen eta jarraitzen saiatzen dena soilik, baita haren urratsei jarraitzea bost axola zaiona ere. Askitzat ematen da bataiatua izatea eta erakundearekin ez haustea norbait ofizialki Jesusen Elizakotzat hartzeko, sekula planteatu ez badu ere hari jarraitzea.
Eliza honetan Jesusez entzun beharko genukeen lehenengo gauza hari baldintzarik gabe jarraitzeko deia da; horretarako, haren ondoren bide egitea eragozten diguten loturetarik, koldarkerietarik eta desbideratzetik geure burua askatuz. Egungo krisialdi hau aukera ona izan liteke kristautasuna bide zuzenean jartzeko eta Eliza Jesusenganantz mugiarazteko.
Geure kristau-elkarte eta –taldeetan era dinamikoan bizitzen ikasi beharra dugu, begiak Jesus josirik, haren urratsei jarraituz eta bizitza gizatar egiten haren lankide izanez. Beste modu batean gozatuko genuke orduan geure fedeaz.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.