lunes, 31 de enero de 2011

06/02/2011 - 5º domingo Tiempo ordinario (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2011eko otsailaren 6a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 5. igandea (A)

EBANJELIOA

Zuek zarete munduarentzat argia.

+ Mateo 5, 13-16

Orduan, Jesusek esan zioten bere ikasleei:
«Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.
«Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko otsailaren 6a

GATZA ETA ARGIA

Ikasleek zoriontasunak bizi badituzte, eragina izango du gizartean haien bizierak. Jesusek berak esan die hori, ezin ahantzizko bi metafora z baliatuz. Erromak kontrolatzen duen inperio boteretsu hartan talde ezdeusa ematen duten arren, «gatz izango dira lurrean» eta «argi munduan».
Ez ote da hori uste barregarria? Baina Jesusek berak argitu die nola gerta daitekeen. Gatzak ez du ematen gauza handia denik; baina bere ondorioak izaten hasten da, hain juxtu, janariarekin nahastu eta ezkutatu egiten dela ematen duenean. Gauza bera gertatzen da argi bat pizten denean: soilik, ilunpean jartzean egiten ahal du argi.
Jesusek ez du buruan mundutik aparte bizi den Eliza bat, bere erritu eta irakaspenetan ezkutatua, bere zilborrari eta arazoei begira bizi dena. Jesusek jarraitzaile-talde bat tartekatu nahi izan du giza historian, zoriontasunak biziz bizitza eraldatzeko gai den talde bat.
Guztiek dakigu zertarako izan ohi den gatza. Alde batetik, janariei ez die uzten galtzen. Bestetik, gustua ematen die eta guk hobeto dastatu ahal izatea egiten du. Jatekoak onak dira, baina galdu daitezke; badute gustua, zaporea, baina graziarik gabeko gertatzen ahal zaizkigu. Gatza behar izaten dute.
Mundua ez da gaiztoa, baina galbidean jar dezakegu. Bizitzak badu bere gustua, baina graziarik gabeko gerta dakiguke eta gozorik gabeko. Zoriontasunak bizi dituen Elizak gizartea galdu ez dadin parte hartzen du, gehiago gizagabetu ez dadin. Haren ebanjelioa bizi duten Jesusen ikasleek biziaren benetako esanahia aurkitzen laguntzen dute.
Bada, alegia, arazo bat eta jakinaren gainean jarri ditu Jesusek bere ikasleak. Gatza gezatzen bada, ez da ezertarako on. Ikasleek beren ebanjelio-nortasuna galtzen badute, ezin emango dute Jesusek nahi lukeen fruiturik. Kristautasuna galtzen uzten da. Eliza desegina gertatzen da. Kristauak alferrik daudeke gizartean.
Gauza bera argiarekin. Guztiok dakigu argitasuna sortzeko dela. Kristauek biziak duen esanahirik hondokoena argitzen dute, baldin eta jendeak haiengan zoriontasunen «egintzak» ikus baditzake. Hargatik, ezin bizi daitezke ezkutuan. Halere, ez dute jardun behar jendeak ikus ditzan. Beren bizieraz argitasuna azaleratu behar dute gizartean, zeruko Aitaren benetako aurpegia ikusi ahal dadin.
Ez da zilegi Elizaz baliatzea geure gustuak eta lehentasunak asetzeko. Jesusek Eliza gatz eta argi izan dadin nahi izan du. Ebanjelizatzea ez datza gaur egungo sekulartasunari mundutar estrategiez aurre egitean. Are gutxiago Eliza «kontra-gizarte» bihurtzean. Soilik, ebanjelioa bizi duen Elizak erantzun diezaioke Jesusen jatorrizko desirari.

José Antonio Pagola


Locations of visitors to this page

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.