lunes, 11 de agosto de 2014

2014/08/17 - Urteko 20. Igandea (A)

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 20. Igandea (A)


EBANJELIOA

Emakumea, handia da zure fedea!

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 15, 21-28

Handik irtenik, Tiro eta Sidon aldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion:
–Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba.
Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten:
–Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik.
Jesusek, ordea:
–Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak.
Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez:
–Lagun nazazu, Jauna.
Jesusek, orduan:
–Ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.
Emakumeak erantzun zion:
–Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzuna!
Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abustuaren 17a

GUZTIENA DA JESUS

Emakume pagano batena da ekimena: Jesusengana jo du, judu-herrikoa ez den arren. Estutasunak joa den ama bat da, «deabruak oinazetua den» alaba sufritzen ikusten du. Bidera atera zaio Jesusi, oihuka: «Erruki zaitez nitaz, Jauna, Daviden Semea».
Ustekabekoa izan da Jesusen lehen erreakzioa. Ez da gelditu ere hari entzuteko. Oraino ez da iritsi paganoei Berri Ona eskaintzeko ordua. Emakumeak amore ematen ez duelako, bere jarduera zuritu beharra sentitu du Jesusek: «Israel etxeko ardi galduetara bakarrik bidali naute».
Emakumeak, ordea, bereari eutsi dio. Zailtasun eta oztopo guztiak gaindituko ditu. Keinu ausart bat eginez, Jesusen oinetan ahuspeztu da, geldiarazi du Jesus eta, bihotza umil bat sendo, oihu bakar hau egin dio: «Lagundu iezadazu, Jauna».
Ezohikoa da Jesusen erantzuna. Garai hartan, guztiz natural esaten zieten juduek paganoei «txakurra»; halere, guretzat iraingarri dira Jesusen hitz hauek: «Ez dago ondo semeen ogia txakurrei botatzea». Jesusen irudia era burutsu eta argian hartuz, Jesusi zuzenketa bat egitera ausartu da emakumea lurretik: «Arrazoia duzu, Jauna. Baina txakurrek ere jaten dituzte nagusien mahaitik eroritako ogi-apurrak».
Miresgarria da emakumearen fedea. Seguru da, Aitaren etxean  denek izan dezaketela zer jana: bai Israelgo seme-alabek, bai pagano txakurrek. Ematen du, Israelgo «ardi galduak» bakarrik dituela Jesusek buruan; alabaina, bera ere, emakumea alegia, «ardi galdu bat» da. Jainkoaren Bidalia dena ezin izan da juduena bakarrik. Guztiena da eta guztientzat izan behar du.
Jesusek amore eman du emakumearen fedearen aurrean. Jesusen apaltasuna eta handitasuna agertzen digu haren erantzunak: «Andrea, bai handia dela zure fedea!, bete dadila nahi duzuna». Emakume honek agertu dio, Jainkoaren errukiak ez duela inor baztertzen. Gizakiok ezartzen ditugun langa etniko eta erlijioso guztien gainetik dago Aita Ona.
Jesusek, azkenean, fededuntzat eman du emakumea, erlijio pagano batean bizi bada ere. Are gehiago, «fede handi bat» ikusi du harengan, eta ez bere ikasleena bezalako fede txiki bat, behin baino gehiagotan esan baitie hauei «fede kaskarreko gizonak». Edozein gizakik jo dezake Jesusengana uste osoz. Badaki hark edozeinen fedea aintzat hartzen, Elizatik kanpo bizi bada ere. Beti aurkituko du Jesusengan edozeinek Adiskide bat eta bizitzako Maisu bat.
Kristauok poztu beharra dugu ikustean, nola ari den Jesus erakartzen Elizatik kanpo bizi den hainbat eta hainbat jende. Gure erakunde guztiak baino handiagoa da Jesus. On handia egiten jarraitzen du, baita gure kristau-elkarteetatik urrundu direnei ere.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abustuaren 14a

GUZTIENA DA JESUS

Txundigarria da pasadizoa. Emakume pagano bat oihuka dator Jesusengana. Nortasun handiko emakumea da; gaixo duen alabarentzat erruki eske dator; izan ere, segur da ezen Jainkoak bizitza duina opa diela bere seme-alaba guztiei, nahiz pagano, nahiz emakume izan.
Zuzenean egin du eskaria: «Erruki zaitez nitaz, Jauna, Daviden Semea. Nire alaba deabruak torturatua da». Halere, alferrik: Jesus isilik da, argitzeko zaila den isiltasunez. Ez ote da kupituko  Jesusen bihotza ama desanparatu haren aurrean?
Tirandura ezin jasanago bihurtu da Jesusek isiltasuna hautsi duenean, zorrotz uko eginez emakumeari entzuteari. Sendoa da haren ezetza eta Aitagandik hartua duen egitekoari leial izateko gogotik atera zaio: «Soilik, Israelgo ardi bide galduengana bidali nau».
Emakumea ez da desanimatu. Lasterrago dabil orain eta taldea harrapatu du; Jesusen aurrean lurreraino makurtu eta eskaria errepikatu du: «Jauna, lagundu». Haren oihuan Sanatzaile haren taldeko diren hainbat eta hainbat gizon-emakumeren mina entzuten da; bizitza duingabea sufritzen dutenena. Jesusen errukitik kanpo gelditu behar ote dute?
Jesusek bere ezetza berregin du: «Ez da on txakurrei botatzea seme-alaben ogia». Emakumea ez dago amore emateko Jesusen hoztasun ikaragarri horren aurrean. Ez du zalantzan jarriko Jesusena, onartu egin du haren irudi gogor hura, baina Jesusek kontuan izan ez duen ondorioa atera du: «Arrazoi duzu, Jauna; baina txakurrek ere jaten dituzten nagusiaren mahaitik erortzen diren apurrak». Jainkoaren mahian denentzat dago ogirik.
Jesusek harriturik erreakzionatu du. Emakume pagano honen eskaria hondoraino entzunez, ulertu du hark eskatzen duena Jainkoak nahi duena bera dela zehazki: «Emakumea, bai handia dela zure fedea; bete dadila gura duzuna». Sufritzen dutenez Jainkoak duen maitasunak ez du mugarik, ez dio axola jendea fededun ala fedegabe den ere. Emakume honi jaramon egiteak ez du apartatu Jesus Aitaren asmotik, baizik eta asmo hori egiaz norainokoa den agertu dio.
Kristauek, gaur egun, ikasi beharra dugu elkarrekin bizitzen: agnostikoekin, axolagabeekin edo paganoekin. Ez dira geure bidetik baztertu beharreko etsai. Haien sufrimena entzuten badugu, ikusiko dugu pertsona makal eta zaurigarri direla, geu bezala bizitzeko argi eta arnasa pixka baten bila dabiltzala.
Jesus ez da inoren jabetzakoa. Haren argi eta indar sanatzailea guztientzat da. Bide okerra da geure taldean edo elkartean hesitu nahi izatea, gutar ez direnak apartatuz, baztertuz edo gaitzetsiz. Orduan bakarrik beteko dugu Aitaren gogoa: sufritzen ari diren eta erruki eske intzirika ari diren gizaki guztiei bihotza irekiko diegunean.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.