lunes, 19 de enero de 2015

2015/01/25 - Urteko 3. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 3. Igandea (B)


EBANJELIOA

Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 14-20

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.
Honela zioen:
- «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015ko urtarrilaren 25a

JESUSEN ONDOREN JOAN

Joan Bataiatzailea atxilotu zutenean, Galileara joan zen Jesus eta «Jainkoaren Berri Ona hots egiten» hasi zen. Markosen arabera, ez da ari preseski doktrina irakasten, ikasleek ikasi eta zuzen zabal dezaten. Gertatzen ari den gertaera bat ari da hots egiten Jesus. Gertaera hori bizitzen ari da bera, eta guztiekin partekatu nahi du bere esperientzia.
Honela laburtu du Markosek mezu hori: «Bete da epea»: ez da jada zertan jarri atzera begira. «Hurbil da Jainkoaren erregetza»: hain juxtu, mundua gizatarrago egin nahi du. «Bihotz-berri zaitezte»: ezin jarraitu duzue ezer gertatzen ari ez balitz bezala; aldatu zeuen pentsaera, zeuen jarduera. «Sinetsi Berri On hau». Entzun dezakezuen berririk onena duzue Jainkoaren asmo hau.
Hotsandiko laburpen hau egin duelarik, lankide bila hastea izan da Jesusen lehenengo egintza, bere asmoa gauzatu ahal izateko. Jesus «Galileako aintziraren  inguruan dabil». Ekin dio bere bideari. Profeta ibiltaria da, jarraitzaile bila dabil, haiekin ibilaldi zirraragarri bat egiteko: Jainkoaren erregetzarentzat bideak urratuz bizi. Jesus ez da bere katedran eseria dagoen lege-maisua, erlijio-eskola bat moldatzeko ikasleak etorri zain dagoena. Kristau izatea ez da doktrina bat ikastea, baizik Jesusi jarraitzea, haren bizi-asmoari atxikiz.
Jesus da beti ekimenari ekiten diona. Hurbildu, lau arrantzale haiei begira jarri eta beren bizitzari beste norabide bat ematera egin die dei. Jesusen esku-hartzerik gabe, ez da jaio sekula egiazko kristaurik. Fededunok sinesmen handiagoz bizi behar dugu Kristoren presentzia bizia eta gutako bakoitzari egiten dion begiratua. Hura izan ezean, nork eman gure bizitzari beste norabide bat?
Baina gauzarik erabakigarriena nork bere barruan haren deia entzutea da: «Zatozte nire ondoren». Ez da gauetik goizerako eginkizuna. Dei hori entzuteak Jesusekiko konfiantza iratzartzea esan nahi du, harekiko atxikimendu pertsonala biziagotzea, haren egitasmoan uste ona izatea, haren egitarauarekin bat egitea, haren jarrera geugan berregitea...; horrela, haren egitasmorako jende gehiago irabazteko.
Honako hau izan liteke gaur egun ikurritz bat kristau-elkarte batentzat: Jesusen ondoren joan. Guztien buru hura ezarri. Igandero gogoratu hura, gure aurretik doan lider gisa. Beste dinamika bat sortu. Jesukristori hurbilagotik jarraitzea jarri erdigunetzat. Gure kristau-elkarteak egiaz eraldatuko lirateke. Beste bat izango litzateke Eliza.


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 22a

POSIBLE DA BESTE MUNDU BAT

Ez dakigu ziur zein erreakzio izan zuten Bataiatzailearen ikasleek Herodes Antipasek beren maisua Makeronteko gotorlekuan preso sartu zienean. Badakigu zein erreakzio izan zuen Jesusek. Ez zen ezkutatu basamortuan. Ezta Nazareteko bere familiartekoen artean ere. Galileako herrixketan barna hasi zen mezu berezia eta harrigarria hots eginez.
Markos ebanjelariak honela laburtu du: «Galileara joan zen  Jainkoaren Berri Ona aldarrikatuz». Jesusek ez du errepikatu Bataiatzailearen predikua, ez da mintzo Jordaneko haren bataioaz ere. Berri eta on bezala aldarrikatu du Jainkoa. Hori du bere mezua.
«Bete da epea». Israelen bizi duten itxarote-aldia bukatu da. Bukatu da Bataiatzailearen aldia ere. Aro berri bat hasi da Jesusekin. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi geure problema, sufrimendu eta erronken aurrean. Gurekin batean gizatasun handiagoko mundu bat eraiki nahi du.
«Hurbil da Jainkoaren erreinua». Besterik ez bezalako ausardiaz, jende guztia harriarazi du Jesusek, inongo profeta ausartu ez zen zerbait iragarriz: «Hemen da Jainkoa, bere indar zuzentasun-sortzailearekin, gure artean errege nola izango». Presentzia on eta adiskidetsu bezala sentitzen du Jesusek Jainkoa, gure artera nola sartuko dabilena, gure bizitza gizatasunez betetzeko.
Horregatik, Jesusen bizitza osoa esperantzarako deia da. Bada beste aukerarik. Ez da egia historiak lurreko boteretsuek trazatzen dioten injustiziaren bidean ibili behar duela ezinbestean. Posible da beste mundu zuzenago eta haurridetsuago bat. Alda dezakegu historiaren ibilbidea.
«Bihotz-berri zaitezte». Jada ezinezkoa da bizitzea ezer gertatzen ari ez balitz bezala. Lankide izateko eskatzen die Jainkoak bere seme-alabei. Horregatik egin du Jesusek oihu: «Aldatu zeuen pentsaera eta jarduera». Pertsonek behar dugu aldatu lehenik. Jainkoak ez du ezer ezartzen indarrez, baina beti ari da zirika gizatasun handiagoko bizitza egin dezagun.
«Sinets ezazue Berri On honetan». Har ezazue aintzat. Esna zaitezte axolagabe izatetik. Eragin zeuen energiari. Sinetsi mundua gizatar egin daitekeela. Sinetsi Ebanjelioaren indar askatzailean. Sinetsi daitekeena dela eraldatzea. Itsatsi munduan konfiantza.
Zer egin diogu Jesusen mezu liluragarri hori? Nolatan ahaztu ahal izan dugu? Zerekin trukatu dugu? Zertan ari gara trabaturik, lehenengo gauza «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea» bada? Nolatan bizi gintezke lasai, ikusiz gizadia ezabatzen ari dela bakeaz eta zuzentasunaz betea den Jainkoaren egitasmo kreatzailea?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko urtarrilaren 25a

Izenburua

(2015ko urtarrilaren 25en homilia ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.