lunes, 26 de enero de 2015

2015/02/01 - Urteko 4. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 4. Igandea (B)


EBANJELIOA

Nagusitasunez irakasten zien.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,21-28

Egun haietan, Jesus eta bere ikasleal Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus.
Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.
Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:
–Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.
Jesusek gogor eraso zion:
–Isil hadi eta irten horrengandik!
Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»
Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko otsailaren 1a

IRAKASTEKO JARRERA BERRIA

Harrigarria da pasadizoa, eta hunkigarria. «Sinagogan» gertatu da guztia, ofizialki Legea irakatsi ohi duten lekuan, eta irakasle baimenduek irakatsi ohi duten moduan. «Larunbatean» gertatu da, beren buruzagien iruzkinak entzuteko judu betetzaileak bildu ohi diren egunean. Ingurumari horretan ekin dio Jesusek, lehenengo aldiz, «irakasteari».
Ez da ezer esaten haren hitzen edukiaz. Hemen ez da hori axola duena, baizik Jesusen esku-hartzeak sortu duen zirrara. Harridura eragin du, eta mirespena. Jendeak harengan zerbait berezia sumatu du, ordu arteko beren maisu erlijiosoengan ez bezalako zerbait: Jesusek «ez du irakasten lege-maisuek bezala, baizik aginpidez».
Doktoreek erakundearen izenean irakasten dute. Tradizioei atxikitzen zaizkie. Behin eta berriz aipatzen dituzte iraganeko maisu ospetsuak. Legea ofizialki interpretatzeko duten eginkizunetik datorkie beren aginpidea. Bestelakoa da Jesusen aginpidea. Ez dator erakundetik. Ez da tradizioan oinarritzen. Beste bat da honen iturria. Jainkoaren Espiritu bizi-emaileaz betea da.
Berehala egiaztatu ahal izango dute. Ustekabean, deabruak hartua den batek garrasika eten du Jesusen irakaspena. Ezin jasan du hau. Izutua dago: «Gu suntsitzea etorri al zara?» Gizon hari ondo zihoakion lege-maisuen irakaspena entzutea. Zergatik sentitu du orain bere burua mehatxatua?
Jesus ez dator inor suntsitzera. Hain juxtu, haren «aginpidea» jendeari bizia ematean datza. Haren irakaspenak gizatartu egiten du jendea, eta askatu esklabotzatik. Jainkoagan konfiantza izateko gonbit dira haren hitzak. Barnea oinazetua duen gizon harentzat albiste ona da berez Jesusen mezua. Jesusek gizona sendatu duenean, harriduraz dio jendeak: «aginpidez irakaste hau gauza berria da».
Inkestek diote, Elizaren hitza aginpidea eta sinesgarritasuna galtzen ari dela. Ez da aski agintari bezala hitz egitea, Jainkoaren Berri Ona hots egin ahal izateko. Ez da aski tradizioa zuzen transmititzea, bihotza fedearen pozera ireki ahal izateko. Premiazkoa ezinbestean irakasteko jarrera berria da.
Ez gara «lege-maisu», baizik Jesusen ikasle. Haren mezua behar dugu eman, eta ez geure tradizioak. Bizia sendatuz behar dugu irakatsi, eta ez jendeari kaskoa ideologiaz betez. Jesusen Espiritua behar dugu hots egin, eta ez geure teologiak.


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko urtarrilaren 29a

SENDATZAILEA

Markosen arabera, espiritu gaiztoak hartua zen gizon bat sendatzea izan zen Jesusen jendaurreko lehen ekintza, Kafarnaumeko sinagogan. Pasadizo txundigarria da, irakurlea, hasieratik beretik, Jesusen indar sendatzaile eta askatzaileaz jabetu dadin.
Larunbata da eta herria sinagogan dago elkartua, lege-maisuek Legeaz egindako iruzkina entzuteko. Lehen aldiz aldarrikatu du Jesusek Jainkoaren Berri Ona, Israelen tradizio erlijiosoak ofizialki irakasten diren lekuan preseski.
Jendea harriturik gelditu da hari entzutean. Inpresioa dute ordu arte albiste zaharrak entzun izan dituztela, aginpiderik gabe jaulkiak. Besterik da Jesus. Ez du errepikatzen besteri entzuna. Aginpidez mintzo da. Askatasunez eta beldurrik gabe iragartzen du Jainko Onbera.
Bat-batean gizon bat «oihuka hasi da: Gu galtzera etorri al zara?» Jesusen mezua entzutean, mehatxupean ikusi du bere burua. Bere mundu erlijiosoak gainbehera egin du. Ebanjelariak diosku «espiritu gaiztoak», Jainkoaren kontrakoak hartua dela. Zein indar arrotzek eragozten dio Jesusi entzuten jarraitzea? Zer esperientzia kaltegarri eta zitalek hesitzen diote Jesus hots egiten ari den Jainko Onberaganako bidea?
Jesus ez da aztoratu. Gizon gizajoa gaitzak menderatua ikusi du, eta oihu degio: «Hago isilik eta irten hadi horren baitatik». Isiltzeko agindu die Jainkoarekin eta bere buruarekin topo egitea eragozten dien ahots gaizto horiei. Berreskura dezala, esaten dio gizonari, gizakiaren hondoaren hondoena saneatzen duen isiltasuna.
Era dramatikoan kontatu du sendatzea kontalariak. Suntsitzeko azken ahalegina eginez, espirituak gizona «bihur-bihurri egin eta, oihu bortitza botaz, irten zen». Gizona bere barne indarkeriatik askatzea lortu du Jesusek. Ilunari eta Jainkoarekiko ikarari hesia jarri die. Orduz gero entzun ahal izango du Jesusen Berri Ona.
Ez dira gutxi beren baitan Jainkoaz irudi faltsuak dituzten gizon-emakumeak, duintasunez eta egiaz bizitzea eragozten dietela. Modu kreatzailean bizitzera gonbidatzen duen presentzia adiskidetsutzat hartu ordez, beren bizitza kontrolatzen ari den itzal mehatxatzailetzat hartzen dute Jainkoa. Jainko zapaltzailetik askatuz hasten da Jesus sendatzen beti.
Haren hitzak konfiantza ematen du eta ikara galtzen. Haren parabolek Jainkoarekiko maitasunera zaramatzate, eta ez legeari itsuki atxikitzera. Haren presentziak askatasuna handiarazten du, eta ez mendetasuna; bizia maitatzea sustatzen du, eta ez erresumina. Jesusek sendatzen badu, inor baztertu gabe onberatasuna, barkazioa eta maitasuna bizitzen erakusten duelako da. Saneatzen badu, gauzen, buru-engainuaren eta egolatriaren boteretik askatzen duelako da.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

Data

Izenburua

(2015eko otsailaren 1a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.