sábado, 3 de enero de 2015

2015/01/04 - Eguberri ondoko 2. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Eguberri ondoko 2. Igandea (B)


EBANJELIOA

Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Juan liburutik 1, 1-18

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran
Jainkoarekin zegoen Hitza.
Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer
ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpetan egiten du argi,
baina ilunpeek ez zuten onartu.

Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena. Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten. Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.

Hitza zen egiazko argia,
mundura etorriz
gizaki guztiak argitzen dituena.
Munduan zegoen
eta, mundua haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.
Bere etxera etorri zen,
baina beretarrek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, ordea,
berarengan sinesten dutenei, alegia,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.
Hauek ez dira giza odolekoak,
ezta gizakiaren borondatez sortuak ere,
Jainkoarengandik jaioak baizik.
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren Jainko-aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.

Joanek beronetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni, “Nire ondoren datorrena nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean».

Izan ere, guztiok hartu dugu
haren betearen betetik,
eta maitasuna maitasunaren gain hartu ere.
Legea Moisesen bidez eman zen;
maitasuna eta egia, berriz,
Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi;
Aitaren baitan dagoen
eta Jainko den
Seme bakarrak
eman digu haren berri.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015ko urtarrilaren 4a – (B)

JAINKOA ONARTU

Jesus Galilean agertu, judu-herriak krisialdi sakona bizi zuenean agertu zen. Denbora asko zeramaten Jainkoaren urruntasuna sentitzen. Zerua «itxia» zegoen. Ematen zuen murru ikusezin bezalako batek eragozten ziola Jainkoari bere herriarekin komunikatzea. Inor ez zen gai Jainkoaren ahotsa entzuteko. Jada ez zen profetarik. inork ez zuen hitz egiten espirituaren eraginez.
Gauzarik latzena, Jainkoa beraiez ahaztu egin zelako sentsazioa zen. Jada ez zitzaizkion axola Israelen arazoak. Zergatik jarraitzen zuen ezkutuan? Zergatik zegoen hain urrun? Segur aski, israeldar asko gogoratzen zen Jainkoari otoitz egiten zion antzinako profeta baten errezo suhar honetaz: «Ai, zerua urratu eta jaitsiko bazina».
Markosen ebanjelioa entzun zuten lehenengoak harriturik gelditu ziren, inondik ere. Markosen kontakizunaren arabera, Jordango uretik irten orduko, bataiatua izan zelarik, Jesusek «zerua urratzen ikusi zuen» eta «Jainkoaren espiritua bere gainera jaisten zela» sumatu. Azkenean, posible zen Jainkoarekin topo egitea. Jainkoaren espirituaz betea zen gizon bat zebilen lurrean. Jesus zuen izena eta Nazaretekoa zen.
Jesusen gainera jaitsi den espiritu hori Jainkoaren arnasa da, bizia kreatzen duena, bizidunak berritzen eta sendatzen dituen indarra, dena eraldatzen duen maitasuna. Horregatik bizi da Jesus bizitza askatzeari emanik, bizitza sendatzeari eta gizakoiago bihurtzeari emanik. Lehen kristauek ez zuten nahi bataiatzailearen ikasleekin nahastu zitzaten. Kristau haiek sentitzen zuten, Jesusek bere espirituaz bataiatu zituela.
Espiritu hori gabe, dena da itzaltzen kristautasunean. Galdu egiten da Jainkoarekiko konfiantza. Fedea ahuldu egiten da. Jesus iraganeko pertsonaia huts bilakatzen da, ebanjelioa hildako letra bihurtzen da, maitasuna hoztu egiten da eta Eliza erakunde erlijioso bat gehiago bihurtzen.
Jesusen espiritua gabe, askatasuna itorik gertatzen da, poza itzalia, ospakizuna ohitura bihurtua, elkartasuna hautsia. Espiritua gabe, misioa ahaztu egiten da, esperantza hil, ikara hazi, Jesusi jarraitzea eskastasun erlijioso bihurtzen da.
Gure arazorik handiena Jesusez ahaztea da eta haren espirituaz ardurarik ez izatea. Ikusmolde okerra da pentsatzea, Jesusen espirituarekin bakarrik lor daitekeena, antolatzearekin, lanarekin, debozioarekin edo askotariko estrategiekin lortuko dela. Sustraira itzuli beharra dugu, ebanjelioa bere freskotasun eta egiatasun betean berreskuratu beharra, Jesusen espirituaz bataiatu beharra.
Ez gaitezen engaina. Espiritu horri biziberritu eta birkreatu gaitzan uzten ez badiogu, kristauok ez dugu izango ekarpen garrantzizkorik gaur egungo gizartearentzat, eta badakigu zein egoeratan dagoen: barnetasunik gabe, maitasun solidariorako gai ez, egundoko esperantza-premian.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2014ko urtarrilaren 5a – (A)

BERRESKURATU EBANJELIOAREN FRESKOTASUNA

Joanen ebanjelioaren hitzaurrean, oinarrizko bi baieztapen datoz; kristau-fedea erro-errotik berrikustera eta bizitzera behartzen gaituzte; hogei mendeetan, Jesusen Ebanjelioari leialtasun koxkorra agertuz, bizi izandako hainbat desbideratze, murrizketa eta ikusmira baztertzeko.
Hau da lehenengo baieztapena: «Jainkoaren Hitza haragi egin da». Jainkoa ez da egon mutu, bere misterioan betiko hesitua. Hitz egin digu. Baina ez zaigu agertu kontzeptu eta doktrina arranditsuen bidez. Haren Hitza Jesusen biziera bihozkoian haragitu da, jenderik xumeenak ere ulertu eta onartzeko eran.  
Hau dio bigarren baieztapenak: «Jainkoa ez du inork inoiz ikusi. Seme bakarrak, Aitaren altzoan den hark, agertu digu». Teologoak asko mintzo gara Jainkoaz, baina gutako inork ez du ikusi. Buruzagi erlijiosoak eta predikariak seguru mintzo gara Jainkoaz, baina gutako inork ez du ikusi haren aurpegia. Jesusek bakarrik, Aitaren Seme bakarrak soilik, adierazi digu nolakoa den Jainkoa, nola maite gaituen eta nola saiatzen den guztientzat gizatasun handiagoko mundu bat eraikitzen.
Bi baieztapen hauek daude Frantzisko aita santuaren egitarau berritzailearen hondo-ondoan. Horregatik nahi du Jesusen Ebanjelioan oinarrituriko Eliza bat, «Ebanjelioaren muinari zuzenean lotuak ez diren» irakaspenetan edo ohituretan korapilatu gabe. Horrela egin ezean, «hots egiten duguna ez da izango Ebanjelioa, baizik eta aukera ideologiko jakin batzuetatik datozen doktrina edo moral baten azpimarratzeak izango dira».
Argia da Aita Santuaren jarrera. Jesusengan bakarrik agertu zaigu Jainkoaren errukia. Horregatik, Ebanjelioaren lehen hots egite hark zuen indar eraldatzailera itzuli beharra dugu, Jesusen Berri Ona lausotu gabe eta «errepikatzearen errepikatzeaz bortxaz ezarri nahi den irakaspen-multzo handi batez obsesionatu gabe».
Eliza hau du gogoan Aita Santuak: Ebanjelioari bere indar erakargarria berreskuratzeko modua emango diona, kristau-fedea ulertu eta bizitzeko beste molde batzuez ilundu eta lausotu gabe. Horregatik, «Ebanjelioaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzera gonbidatzen gaitu»: gauzarik ederren, handien, erakargarrien bezala eta, aldi berean, beharrezkoen bezala, Jesus hesitu gabe «geure eskema aspergarrietan».
Ez dugu zilegi, gaur egun, fedea bizitzea, geure kristau-elkarteetan Jesu Kristoganako eta haren Ebanjeliorako konbertsiora eragin gabe, Aita Santuak adierazten digun bezala. Berak eskatzen digu «bere orientabideak eskuzabal eta adorez gauzatzeko, debekuetan eta beldurrean gelditu gabe».

José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko urtarrilaren 2a – (A)

JAINKOAREN GIZA AURPEGIA

Kristauek ez dugu eskuratuko bizi dugun krisi erlijioso honetan beharrezkoa den adore espirituala, ez badugu ikasten Jesusekiko atxikimena beste era batean bizitzen. Jada ez da aski harremanak izatea oker ulertua dugun Jesus batekin, lainotsuki atzemana, era abstraktuan aitortua edota giza lider bat gehiago bezala miretsia den Jesus batekin.
Nola berraurkitu, ordea, fede berrituaz Jesusen baitan den misterioa? Nola berreskuratu haren berritasun bakarra eta ezinerrepikatua? Nola utzi haren suzko hitzek astindu gaitzaten? Joanen ebanjelioaren hitzaurreak garrantzi handiko konbentzimendu batzuk gogorarazten dizkigu.
Gauza harrigarria gertatu da Jesusen baitan. Joanek hitz arduratsuz dio: «Jainkoaren Hitza haragi egin da». Ez da gelditu isilik betiko. Bere burua agertu nahi izan digu Jainkoak, ez errebelazioz edo agerpenez, baizik Jesus gizonagan haragi eginez. Ez du haragia «jantzitzat» hartu, ez du giza itxura hutsa hartu. Jainkoa, egiaz, haragi argal egin da, ahul eta zaurigarri, gurea bezalako haragi.
Kristauek sinesten dugun Jainkoa ez da bizi aparte eta iritsezin bezala, bere Misterio ezinatzemanean hesiturik. Gu bezalako gizaki batean topatzen ahal dugu. Harekin harremanak izateko, ez dugu mundutik zertan irten. Ez dugu zertan ibili haren bila geure bizitzatik at. Jesusengan aurkitzen dugu haragi eginik. 
Honek guztiak aukera ematen digu harekiko harremanak besterik ez bezalako sakontasun nahastezinez bizi ahal izateko. Jainkoaren giza aurpegia da Jesus guretzat. Jesusen onberatasunezko keinuetan gizakiari dagokion moduan ari zaigu Jainkoa  agertzen: nolakoa den eta gu nola maite gaituen. Jesusen hitzetan Jainkoaren ahotsa entzuten dugu, haren deiak eta haren promesak. Jesusen egitasmoan Aitaren egitasmoa aurkitzen dugu.
Hau guztia modu bizian eta konkretuan behar dugu hartu. Hor dago Jesusen sentiberatasuna gaixoengana hurbiltzean, haien gaitzak sendatu eta haien sufrimena arintzean: sufritzen ikusten gaituenean Jainkoak nola begiratzen digun agertzen du horrek, eta sufritzen ari direnen aurrean guk nola jokatzea nahi duen. Hor dago Jesusen adiskidetasunezko harrera bekatariei, prostituituei eta pertsona gogaikarriei: nola ulertzen gaituen eta nola barkatzen digu agertzen du horrek, eta nola nahi duen guk barkatzea iraintzen gaituztenei.
Horregatik dio Joanek Jesusez ari dela: «graziaz eta egiaz betea». Harengan Jainkoaren doako grazia dakusagu, gainezka ari dena. Harengan Jainkoaren zinezko maitasuna, sendoa eta leiala onartzen dugu. Kristau ez-gutxik bere fedea era nahasian-edo bizi duen aldi honetan, zer sinetsi eta zeinengan konfiantza jakin gabe, ez da gauza inportanteagorik kristau-elkarteen erdigunean Jesus Jainkoaren giza aurpegi bezala ipintzea baino.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010eko urtarrilaren 3a – (C)

JESUS BERRIRO GEURE EGIN

Fededunok irudi asko eta askotarikoak izan ohi ditugu Jainkoaz. Haurtzarotik hartaz ikusmoldea eginez joan gara; horretan, batez ere, katekistei eta predikariei entzun izan dugunak baldintzatu gaitu, eta etxean eta ikastetxean irakatsi digutenak, edota ospakizun eta egintza erlijiosoetan bizi izan dugunak.
Jainkoaz sortu izan ditugun irudi hauek guztiak ez-beteak dira eta eskasak; behin eta berriz, bizitzan, irudi horiek garbi egiten saiatu beharra izan dugu. Ezin ahaztu dugu hori. Joanen ebanjelioak biribilki gogorarazi digu biblia-tradizio osoa kutsatzen duen konbentzimendu hau: «Jainkoa ez du inork inoiz ikusi».
Teologoak asko mintzo dira Jainkoaz, gehiegi ere bat, gehienetan: ematen du dena dakitela hartaz; egiaz, ordea, teologo bakar batek ere ez du ikusi Jainkoa. Gauza bera esan behar da predikariez eta gidari erlijiosoez: segurtasun ia erabatekoaz mintzo ohi dira; ematen du ezen beren barruan ez dutela inolako dudarik; egiaz, ordea, haietako inork ez du ikusi Jainkoa.
Beraz, nola garbi egin Jainkoaz ditugun irudiak, haren misterio santua ez desitxuratzeko? Joanen ebanjelio berak gogorarazten digu Jainkoaz kristau-fedeak duen  konbentzimendua zertan sostengatzen den. Jesusek bakarrik, Jainkoaren Seme bakarra den horrek «eman du ezagutzera». Inon ez digu agertzen Jainkoak bere bihotza, ez erakusten bere aurpegia Jesusen baitan bezala.
Jainkoak ez digu agertu bere burua irakaspen eta formula teologikoez, baizik Jesusen maitasun-bizitzaz, haren portaeraz eta mezuaz, heriotzarainoko bere buru-eskaintzaz eta piztueraz. Jainkoagana hurbildu nahi badugu, gizonagana hurbildu beharra dugu zeinengan atera baitzaigu bidera.
Kristautasunak, Jesusi ezjakinarena egin eta hura alde batera uzten duenean, egiazko Jainkoaz urruntzeko arriskua bizi ohi  du; gainera, haren ordez, irudi nahasgarriak hartzeko arriskua izan ohi du: haren aurpegia desitxuratzen duten irudiak; beste mundu bat, libreagoa, zuzenagoa eta haurridetsuagoa eraikitzeko egitasmoan parte hartzea eragozten diguten irudiak. Horregatik dugu hain premiatsua Jesus berriro geure egitea.
Ez da aski Jesus teoriaz edo doktrinaz aitortzea. Guztiok dugu ebanjelioetara era zehatzagoan eta bizi-giroan hurbilduz Jesus ezagutu beharra, haren egitasmoaren ildoari atxiki beharra, haren espirituak anima gaitzan utzi beharra, Aitarekin dituen harremanetan bat egin beharra, egunez egun hari hurbiletik jarraitu beharra. Horixe da bere fedea garbi eginez bizi den elkarte baten zeregin zoragarria.

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.